XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iztundea, euskal antzerkiaren oinarria

Abenduaren lehen asteburuan BAGERAk gerra ondoko Euskal Iztundean antzerki lanak taularatzen aritutako taldekideak omenduko ditu.

1992ko abenduan egin zuen BAGERAk lehen aldiz, Donostian Euskaltzaleen Bidetik izenburupean, garai bateko euskaltzaleei eskainitako omenaldia.

Aurtengoan, abenduaren 1, 2 eta 3an diktadura garaiko euskal antzezleak izango dira protagonista.

1915ean Toribio Altzagaren zuzendaritzapean sortu zen, euskara eta antzerkia elkartu nahian, Donostiako Udaleko Euskal Iztundea KTE zuzeneko arduradun zela.

Donostiarrek antzerkiarekin izan zuten arrakasta Euskal Herri osora zabaldu zen.

Soroaren Ezer ez eta festa, Barriolaren Gai dagonaren indarra, Eleizegiren Garbiñe, Elizondoren Dollorra, Alzaga beraren Ramuntxo eta beste antzerki lan asko egiten zituzten euskaldun jendearentzat.

Urtez urte, 36ko gerra zibilera bitartean, indarra hartzen joan zen mugimendu hau.

Baina gerrak bertan behera utzi zituen euskara eta euskal kulturarekin lotura zeukaten ekintza guztiak.

Etenaldi izugarria izan zen euskal kulturarentzat eta baita antzerkiarentzat ere.

Gerra ostean

Gerra ondorenean, piskanaka-piskanaka, batez ere aldizkarietan leku emanaz, hasi zen berriro ere suspertzen euskal antzerkia.

Honela, 1953an, euskal talde gazte bat, gerra aurreko Euskal Iztundearen izena eta izaera bera berreskuratuz, Mari Dolores Agirreren zuzendaritzapean, antzezlanak euskaraz eskaintzen hasi zen berriro ere.

Antzerkigile askoren lanak taularatu ziren garai honetan: Alzagaren Mutilzar, Barriolaren Lagun txar bat, Mari Dolores Agirreren Au dek maltzurkeria!, Lekuonaren Eun Dukat eta abar.

Garai zailak

Miren Terese Etxaniz eta Juan Joxe Orkolaga senar-emazteek, batez ere gerra ondorengo lehen urteak, oso garai zailak zirela diote.

Euskaraz edozer gauza egiteko izugarrizko zailtasunak izaten genituen.

Behin antzerki bat egin ondoren, Zubietara joan ginen bazkaltzera eta bazkalondoan euskaraz abesten aritu ginelako polizia etorri eta guztiak komisaldegitik pasatu ginen dio Miren Teresek.

Derrigorrezko Zentsura

Ezer egin aurretik zentsura pasa behar izaten zen.

Obrak gazteleraz idazten ziren, Gobernu Zibilera aurkeztu eta hango baimena ondoren lan horiek euskaraz antzezten ziren.

Rosa Arruabarrenaren esanetan, paperean gaztelerara itzulitakoa ez zen hitzez hitz antzezten, hori dela eta beti izaten genuen beldurra, norbaitek entzun eta salatu ote zezakeen.

Azken momentura arte ez ginen ziur egoten antzezterik izango ote genuen ala ez.

Antzokiak bete-bete

Egun seinalatuetarako antolatzen ziren antzerki emanaldiak: Santo Tomas eguna, San Sebastian eguna...

Emanaldioro betetzen zen Antzoki Zaharra eta noizean behin Victoria Eugenian antzezten zutenean ere bete-bete egiten zen.

Arratsaldeko 5etan, 7.30etan eta gaueko 10.00etan izaten ziren saioak.

Lehen saiora herriko jendea joaten zen.

Beste bietan berriz, Donostiako jende dotorea izaten zen dio Jon Ezeizak.